Aldaketa garaiak

Orain dela bi aste, ingurune digitaletan jakintza nola partekatu aztertzeko lantegi batean hartu nuen parte, Institute of Development Studies (IDS) erakundean. Institutu hori Sussex-eko Unibertsitatean dago, eta punta-puntakoa da garapenari buruzko ikerketan. Masterra han egin nuen, oraindik IDS mundua Iparralde aberatsagoan eta Hegoalde pobreagoan banatzen zuen arraila murrizten ahalegintzen zen garaietan. Baina, mundua aldatu egin da eta IDS orain erronka konplexuagoetan murgilduta dago: guztiontzat, munduko toki guztietan, desberdintasunak murrizten eta etorkizun iraunkorragoa eraikitzen lagundu nahi du. Hemen aurki dezakegu garapenaren esanahi berrien inguruko gogoeta interesgarri bat, aro globalerako.

Internet hasi berria zen IDSn Masterra bukatzen ari nintzenean. Orduz geroztik, izugarri aldatu da jakintza sortzeko eta zabaltzeko modua. IDSk prestatutako txosten baten arabera, artikulu zientifiko berri bat argitaratzen da online 20 segundoan behin; 800 artikulu baino gehiago eransten zaizkio egunero Wikipediaren ingelesezko bertsioari; eta gizarte sareek informazioaren ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko banaketa ezabatu dute. Lantegian, norbaitek esan zuen munduan sortzen diren datuekin, herritar bakoitzak 874 egunkari irakurri ahal izango lituzkeela.

Lantegiaren helburua izan zen ingurune digitaletan jakintza trukatzeko ELDIS tresnaren 20 urteko esperientziaren inguruan gogoeta egitea. ELDIS onlineko plataforma bat da eta garapenerako argitalpenetara sarbide irekia eskaintzen hasi zen, “sarbide irekiaren” kontzeptua modan jarri baino askoz ere lehenago. Eztabaida gehien sortu zuen puntuetako batean azpimarratu zen hiperkonektatuta dagoen mundu batean, polo askotakoa eta eragile askotakoa, ezinbestekoa dela konturatzea nola lotzen den gu egiten ari garena beste pertsona batzuk egiten ari direnarekin.

Bestela esanda, aitortu behar da ikertzaileak aniztasuna ezaugarri duen ekosistema baten barruan daudela eta, ekosistema horretan, jakintza eragile askok partekatzen dute, arazo edo erronka zehatz baten inguruan kontakizuna (edo esanahi) komunak sortzera iristeko.

Testuinguru horretan, biltegiak edo atari digital estatikoak aldatzen ari dira, eta, orain, gizarte plataformek edo komunitate birtualek hartu dute haien tokia. Plataforma edo komunitate horiek gune bat eskaintzen dute askotariko eragileek (ikertzaileek, arduradun politikoek, gobernuz kanpoko erakundeen eta abarrek) beren jakiteak trukatzeko eta elkar eragiteko, horrela ikasi eta aldaketa sustatzeko. Komunitate horietako bat da Health Information for All (HIFA), osasun arloko munduko sarea, 15.000 kide baino gehiago dituena (osasun arloko langileak, liburuzainak, editoreak, ikertzaileak, politikariak…). Kide horiek elkarlanean aritzen dira “pertsona bakoitzak bere osasuna eta besteena babesteko behar duen osasun informazioa eskura izango duen mundu bat gauzatzeko”. Komunitate birtual horien indarguneetako bat da diziplina askotako elkarlana bideratzen dutela eta eremu itxi eta banatuen mugak hausten dituztela. Eta horixe behar da, gaur egun, gure garaietako arazo konplexuei erantzun bat emateko.

Zalantzarik gabe, HIFAren adibidea kasu arrakastatsua da, baina emaitza hain argiak izan ez dituzten beste kasu batzuetatik ere ikasi behar dugu. Esate baterako, orain dela gutxiko azterlan batean, Ann Grand, Richard Holliman eta bere lankideek ikusi zuten unibertsitate testuinguruan, praktikako komunitateek konpromiso arazo bat dutela aurrean, ez baitakite komunitate horiei bizirik nola eutsi: zerbait askoren erantzukizuna denean, sarritan gertatzen da inor ez arduratzea. Esaera zaharrak dioen bezala, askoren astoa, goseak hil. Horregatik, askotan, blogek eta eztabaida foroek ia ez zuten mugimendurik izan. Ziur aski, praktikako komunitate birtual horiek, handiak ala txikiak izan, bideratzaile onak behar dituzte elkarrizketari bizirik eusteko, gauzak zaintzeko eta guneak sortzeko, jendeak balioa aurki dezan jakiteak partekatuz eta elkarlanean… eremu ez birtualetan gertatzen den bezala. Baina, gainera, irakurri eta idatzi egin behar da, beste erronka bat. Hori beste post baterako utziko dut.

Lantegian parte hartzeak lagundu zidan gogoeta egiten lurralde garapenerako jakintza ingurune digitalen bidez komunikatzeko proiektu batean mahai gainean ditugun gaien inguruan. “Jakintza komunikatzea” kontzeptutik “jakintza partekatzea” kontzeptura bidaiatzen lagundu zidan. Jakintza partekatzeak elkarrizketa eta lankidetza iradokitzen dizkigu; jakintza komunikatzeak, ordea, horrenbeste ez. Aldea txikia izan daiteke, baina, hizkuntza bera ez al dago aldaketaren erdi-erdian?

pcanto

Patricia Canto is involved in designing and implementing research communication strategies at Orkestra-Basque Institute of Competitiveness. Patricia is also working on her PhD thesis in which she is exploring the role that communication plays in helping research institutions shape socioeconomic development processes. She holds a Degree in International Relations from the National Autonomous University of Mexico (UNAM) and an MPhil in Development Studies from the University of Sussex's Institute of Development Studies.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *


*