Lidergoa eta ikerketa lurralde prozesuetan

Lurraldeek, garapenean aurrera egiteko, askotariko gaitasunak dituzten liderrak behar dituzte Sorarautaren arabera. Erakundeetan baino neurri handiagoan, lurralde prozesuetan lidergoa lausoa, barreiatua, ez lineala, partekatua eta elkarren mendekoa dela dio lurraldeen lidergoa edo tokiko lidergoa aztergai duen literaturak (Beer eta Clower, 2014; Ayres, 2014; Norman, 2013). Baina, aldi berean, lidergo partekatu horrek beharrezko ditu eragile gakoak, guztion ahaleginak bideratuko dituztenak.

Lidergo partekatuaren bost giltzarriak

Bost dira guztion ahaleginen lidergo horretan giltzarri diren prozesuak Sorarautaren iritziz: kontzientzia hartzea, mugiaraztea, “esparruak” ezartzea, koordinatzea, eta “ikuspegien arteko ikuspegia”. Arazo edo erronka jakin baten aurrean eta haren atzean dagoenaren aurrean kontzientzia hartzea da ahalegin guztiak norabide berean jartzeko lehenengo baldintza. Mugiarazteak esan nahi du eragile gakoak identifikatzea eta prozesuan dagokien tokia eta ahotsa ematea, beren jakiteak eta baliabideak eskain ditzaten. Eragileek elkarrekin lan egitea lortzeko, behar-beharrezkoa da guztion intereseko elementuak bilatzea. Eta, horretarako, esparruak zehaztu behar dira edo arazoak baterako interesei erreferentzia eginez definitu, horren gainean ikuspegi eta hizkuntza komuna eraikitzeko. Elkarlanean aurrera egiteko askotariko interesak koordinatzeak esan nahi du, halaber, hainbat eragile talderen interesak batzea. Azkenik, guztion ahaleginak bideratzeko identifikatutako azken prozesua ikuspegi partekatua edo “ikuspegien arteko ikuspegia” sortzea izango da, pentsatzeko modu desberdinetatik ikasteko aukera emango duena.

Lidergo partekatua eta honen oinarrizko prozesuak Sorarautaren arabera (itzulia)

Prozesu horiek identifika ditzakegu, neurri handiagoan edo txikiagoan, Gipuzkoa Sarean proiektuaren 6 urteko ibilbidean. Gipuzkoa Sarean ikerketa-ekintza proiektu bat da, lurralde garapena helburu duena. Proiektu horretan izugarrizko garrantzia izan du ikertzaileen, ordezkari politikoen eta lurralde beste eragile batzuen arteko elkarlanak. Proiektua, Gipuzkoa Sarean. Bidean liburuak erakusten duen bezala Gipuzkoako eragile askoren ahaleginaren eta lidergo partekatuaren emaitza izan da eta da. Baina, aldi berean, hainbat erakundetako eragile, arduradun politiko eta teknikarien lidergo edo bultzada berezia ere izan du eta du, baita ikertzaileena ere.

Ikerketa-ekintza eta Lurralde Garapeneko ikuspegiak metodologia jakin bat eskaini du, talde ekintza eta lidergo partekatua sortzeko prozesuek aurrera egitea ahalbidetzeko. Baina ikertzailea lurraldeko beste eragile bat dela ulertuta, ikerketaren lidergoa ere garrantzitsua izan da, une jakin batzuetan, prozesua bultzatzeko eta kohesioa emateko.

Zer eskatzen dio lidergo partekatuak ikertzaileari?

Gipuzkoa Sarean lidergo konpartituaren adibide
Gipuzkoa Sareanen lidergo konpartituan, ikertzaileak ere bere rola du

Rol horretarako ez dira nahikoak ikertzaileari, tradizioan, eskatzen zaizkion jakiteak eta trebetasunak.  Ekintzako ikertzaile batek, analisi gaitasunaz eta edukietako edo prozesuetako jakintzaz gainera, gizarte trebetasunak ere behar ditu eta, bereziki, Greenwood eta Levinek bere liburuan dioten bezala, egoera irekietan azaltzen diren egoerak “irakurtzen jakitea” edo “zentzua bilatzea”, horren arabera jardun ahal izateko. Baina, ikertzaile tradizional edo ez tradizional izateaz gainera, ikerketaz baliatuz, kohesio elementu eta bultzatzaile nahi izanez gero, lidergoari lotutako trebetasunak ere behar dira, horien artean, jendea mugiarazteko gaitasuna, ilusioa sortzekoa, ikuspegia eraikitzekoa, “elkarrekin interpretazio berriak egitekoa” eta lidergoari buruzko literaturan lantzen diren beste trebetasuna eta gaitasun asko.

Elementu horien guztien artean, eta Gipuzkoa Sareanen bizi izandako esperientziatik abiatuta, bat azpimarratu nahi nuke bereziki: eskuzabaltasuna. Jende askoren ahalegina eskatzen duten prozesuak bultzatzen buru belarri sartzen diren ikertzaileek ezaugarri hori badutela uste dut, eta Gipuzkoa Sarean. Bidean lanean politiko guztien eskuzabaltasunaz hitz egin nuen bezala, oraingoan ikertzaileena nabarmendu nahi dut. Behin baino gehiagotan ikusi dut taldearen proiektua eta aldatzeko eta lurraldeari ekarpen bat egiteko borondatea jartzen norberaren interes pertsonal eta profesionalen aurretik. Horregatik, izugarri aberasgarriak baina, une batzuetan, zailak eta gogorrak izaten diren prozesuetan, uste dut bidezkoa eta beharrezkoa dela eskuzabaltasun hori aitortzea eta eskertzea.

 

 

aarrona

aarrona

Ainhoa Arrona es facilitadora de investigación en Orkestra, labor que ha desarrollado principalmente en el ámbito de un proyecto de investigación acción para el desarrollo territorial. Su trayectoria previa ha estado ligada al ámbito privado y al tercer sector. Licenciada en Humanidades y Empresa y Máster en Sostenibilidad y Responsabilidad Social Corporativa, actualmente está realizando su tesis doctoral sobre el aprendizaje en políticas y las estrategias territoriales de desarrollo en la Universidad de Deusto.